logo

Zer gara

Elkarteak, oro har, ugaztun gehienak ez bezala, ez dira egun batean erditzen. Baina, gauzak erraztearren, esan dezagun GITE-IPES elkartea 1976ak izan zituen 366 egunetako batean jaio zela Donostian. Eta derragun, ildo beretik, 1977ak izan zituen 365etako batean eman zituela Bilbon bere lehenengo pausuak.


Elkarteek, oro har, ugaztunek ez bezala, bi guraso (biologiko) baino gehiago izaten dituzte. Baina hauek, etorkizuna iragartzeko ohitura duten ugaztunen guraso gehienek bezala, beren niniarentzako planak egin ohi dituzte. Hala, GITE-IPES herri unibertsitate izateko jaio omen zen.


Elkarteei, oro har, ugaztun etorkizun iragarleen kumeei bezala, ez zaie gurasoek marraztutako ibilbidea zehatz-mehatz jarraitzea gustatzen. Baina, hala ere, bere bizitzako lehenengo hiru hamarkadak aspaldi beteta, esan daiteke GITE-IPES ez dela hasierako jomuga hartatik gehiegi urrundu. Izan ere, urteotan herri kulturan eta heziketan eragiteko xedez jardun du.


GITE-IPES, zehazki, elkarte gehienak bezala, helburu batzuen eta filosofia baten jabe da. Kasu honetan, giza eta gizarte zientzien arloan herritarren formazioa suspertzea du egiteko nagusi, eta bide hau errepidez baino, bidezidorrak gozatuz egitea aztura. Hala, joandako hamarkada hauetan, Euskal Herriaren bilakaeran eragile izateaz gain, jendarte justu eta libreago baten alde lan egiteko heziketa eskaintzeaz arduratu da, herrigintza sustatu eta subjektu eraldatzaileak sortzeko xedez. Era berean, isilarazi, ezkutarazi edo partzialki erakutsi ohi diren errealitate sozial eta humanoak aztertu eta agertu ditu (Ekialde Hurbila, emakumeak, migratzaileak, memoria historikoa...).


GITE-IPESek, zehazki, filosofia eta helburuak dituzten ekarteek bezala, hauek egikaritzeko moduak eta baliabideak darabiltza. Ikastaroak, hitzaldiak, eztabaidak zein hausnarketa foroak antolatu izan ditu eta liburuak, koadernoak edo dokumentalak argitaratu. Beti ere langile, harpidedun, kolaboratzaile eta lagun talde leialei esker aurrera eginez.


GITE-IPESi, zehazki, ilusioz eta premiaz jaio eta gurasoek marraztutako ibilbidearen antzekoa eginez hazi diren elkarte gehienei bezala, egiteko asko gelditzen zaio oraindik. Hogeita hamarrak aspaldi beteta, nork daki ugaztun etorkizun iragarleentzat berrogei urteen krisia litekeena gure elkartearentzat ez den bigarren nerabezaro edo hirugarren haurtzaro izango.