logo

Ikasturte berria abian GITE-IPES-en

Ikasturtea abian da, eta berarekin batera, GITE-IPESen asmo berriak argia ikusten hasi dira. Pasa den urtean egindako lanak bere ondorioak izan ditu. Uzta antolatzen gabiltza. Eskaintza zabala eta forma anitzekoa zuenganatzeko irrikatan gaudelako.

“Ber-Ver” hausnarketa prozesua garatu ondoren, GITE-IPESen izaera eta funtzio soziopolitikoa berresteaz gain, aurrera begira hartu behar duen ildoaz lehenengo ideiak ditugu. Gainera, aurretik martxan genituen lanek ez dute etenik izan. Horrela, osagai hauekin, aurtengo plangintza berria landu dugu.

Teoria eta praktikaren artean uztarketa bultzatzen duen Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea garen heinean, inguratzen gaituen errealitatea ezagutu nahi dugu. Ezagutu, aztertu, ulertu,… aldatzeko, noski!


Erronka nagusiak


Eragilea gara. Eragiteko jaio ginen. Formazioa eta eztabaida gure bitartekoak dira. Horregatik, eragile gisa indartu nahi dugu, gure lana eraginkortu nahi dugularik.

- Administrazioaren ikuspuntutik, bideragarritasun ekonomikoa helburutzat dugu eta horri begira lan egingo dugu aurten ere. Egungo diru iturriak indartu (harpidedunen ekarpena funtsezkoa delarik), finantziazio bide berriak aztertu eta elkarte gisa ditugun aukerak/betebeharrak baliatu.

- Era berean, gure ibilbide luzean batutako artxiboa zuen esku jarri nahi dugu, aukera digital berriak bitarteko. Komunikazioari arreta berezia eskainiko diogu ikasturte honetan.

- Eta orokorrean, GITE-IPESen funtzionamenduan beharrezkoak diren aldaketak joango gara egiten eraginkorragoa eta partehartzaileagoa bilakatzeko.

Gainera, 2017a oso berezia izango da guztiontzat. Udazkenean 40 urte beteko ditugu. 40 urte ospatzeko, baina batez ere, 40 urte hauen eskarmentuaren gainean, beste 40 urtez aritzeko!


Plangintza


Esan bezala, “Ber Ver prozesua”ren ondorioen gainean eraiki dugu aipatu plangintza, aurretiko GITE-IPESen dinamikak eta ekimenak aintzat hartuta. Heziketa politikoarekin jarraitu nahi dugu, baina esperientzia berrien inguruko eztabaidak eta formazioa bultzatu nahi ditugu ere. Gure aktibitateen antolakuntzari dagokionez, ohikoa dugun bezala, generoa eta euskara ardatzak izango dira.


LEHENTASUNEZKO GAIAK


Euskal Herrian egun ematen den aniztasun kulturala kontutan hartuta, honen lanketarako ekimenak indartuko ditugu:

- Gau eskolak: Bilboko San Frantzisko eta Uribarri auzoetan euskarari sarrera doan egiteko eskolek aurrera darraite, ikasturtea hasi berri, eta goia jotzen jarraitzen dugu. Urtetik urtera bilbotar gehiago hurbiltzen dira gurera eta honek ekimena birdimentsionatu behar dugula pentsatzera garamatza. Erronka horri heldu nahi diogu aurten.

- ”Mundutik Euskal Herrira. Euskal Herritik mundura” herri dinamika: Migrazio prozesuek herrian sortzen dituzten informazio eta formazio beharrak asetzeko tailerren antolaketa. Otxandion hasi eta Bizkaiko beste herri batzuetara zabaltzear gaude.

Bestalde, Angela Davisen bisitarekin abiatu genuen Kartzela kalera! Ildoarekin jarraituko dugu. Honela, Durangoko Azokan eskuragarri edukiko duzu “Emakumea eta kartzela” jardunaldiaren edukia. Alde batetik, hizlari guztien ekarpenak jasotzen dituen liburuxka bat argitaratuko dugulako. Eta honekin batera, Angela Davisen hitzartze osoa jasotzen duen DVDa plazaratuko dugulako ere.

Gainera, datozen hilabeteotan urrats berriak emango ditugu. Presondegietako jatorri historikoa eta ideologikoa aztertuko dugu. Eta kartzela barruko errealitateak ikustarazteko jardunaldi berriak antolatuko dira.


IKERKETA LERROAK (LANKETA PARTEHARTZAILEAK)


Ikerketa, eztabaida, prozedura pedagogiko partehartzaileak… GITE-IPESen izaera indartzen duten zereginak izan dira betidanik. Bide hauetan sakontzen gabiltza, besteak beste, gai hauek lantzeko:

- Marxismoa. Errealitatearen azterketa marxista egiteko formazio-edukiak eguneratu eta egokitu ditugu, euskaraz, Durangoko Azokan aurkeztuko dugun liburuxkan eta ostean tailerretan garatuko duguna.

- Klase sozialak Euskal Herrian. Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa aztergai du lan-talde batek pasa den urtetik eta ikasturte honetan lana bukatu eta publikatzeko asmoa du.

- Bilboko kulturaren azterketa. Bilboko BIBA! kultur egitasmo berriarekin elkarlanean kultur erradiografia sakona egiteko lanean hasi gara.

- Gazte Boterea. ERNAI gazte antolakundearekin elkarlanean, gazte boterea egun zertan den aztertzen hasi da lan talde bat.

- Emakume langileen historia. Duela urte batzuk abiaturiko lan mardulari amaiera eman nahi diogu aurtengoan.


GAINERAKO EKIMENAK


- “Zer jan eta nola erosi? Elikadura burujabetza helburu” jardunaldiak bilbon. Urriaren 24tik 27ra elikadura burujabetza hausnarketagai izango dugu Bilbon, LABORErekin batera antolatu ditugun jardunaldietan.

- Sozialismoaren historia labur bat. Aurreko urtean argitaraturiko liburu arrakastatsuak bigarren argitalpena du aurten. Aurkezpen birarekin jarraituko dugu (Baiona – urriak 25, Bilbo – azaroak 9, Orereta – abenduak 1) eta irakurketa dialogikoen dinamika abian jarriko dugu.

- Durangoko Azoka: urtero legez, bertan izango gara euskal kulturaren plazan gure ekarpena egiten. Gogoan izan, harpide, bertan izango duzula aurtengo argitalpenak doan jasotzeko aukera.

- Mikrobiolentziak identifikatzeko eta gainditzeko tailerrak. Lehenengo esperientzia bat burutu genuen pentsionadun talde batekin. Eta arrakasta ikusita, eta beharra aztertuta, datozen hilabeteotan errepikatzeko asmoa dugu beste talde batzuekin ere.

- Jakintza herritarra eraikitzen. Ikerbiltza eta ikasleekin elkarlanean, hauen ekarpen akademikoak herriaren eta herritarren esku jartzeko sarea antolatzen ari gara.

Eta ekimen gehiago labean ditugu egosten. Prest ditugunean zuenganatuko ditugu.