logo

"Zer jan eta nola erosi?" jardunaldiek emandakoa

Galdera ikurrarekin jarri dugu jardunaldi hauen lelo nagusia eta ez da kasualitatea. Gure helburu nagusia Elikadura Burujabetzaren inguruan kezka eta jakinmina piztea izan da. Eta jasotako parte-hartzearekin, erraturik ez geundela baieztatzeko moduan gaude.


Ez da katedra sortzeko asmorik izan, ezta gutxiago ere. Gure artean bor-bor dabiltzan hainbat galdera plazaratu eta kokatzeko aukera eskaini nahi izan dugu. Eta horretarako ibilbide luze bezain aberatsa duten hainbat pertsona aditu eta ondo informatuekin kontatu izan dugu jardunaldi hauetan zehar. Eta plazer hutsa izan da.

zer_jan



Galdera ugariri taldean erantzuten saiatu gara. Denon esperientzia eta bizipenetik abiaturik hausnarketa kolektiboa egitea izan dugu xede. Elkarri entzun eta bakoitzaren ikuspuntua adieraztea izan da jardunaldi hauen izaera. Ahalik eta azalpen zehatzenak entzunaz, galdera, ekarpenak eta elkartrukatze aberatsa burutzeko.


Baina ez da bakarrik informazio eta hausnarketa gunea izan. Hortik haratago Bilbon zer egiten ari den eta zer egin daitekeen planteatzeko aukera izan dugu. LABORE elikadura burujabetza sustatzeko proiektu berriaren nondik norakoa azaldu eta bakoitzak eduki dezakegun parte hartzeaz aritu baikara. Hona hemen zertzelada nagusi batzuk:



Urriak 24, astelehena, Kafe Antzokian, Paul Nicholson eta Landare proiektua: Elikadura negozioa ala guztion eskubidea?


Elikadura negozio bihurtu da. Datu guztien arabera, “ladrilloan” inbertitzen zuten hainbat transnazionalek elikaduran jarri dute beraien jo-puntua eta ondorioz, dirua horretara bideratu dute. Estatu Espainoleko elikadura alorreko enpresa handienak bankuen esku daude. Duela gutxi Monsanto (transgenikoen bultzatzaile sutsuena) eta Bayer multinazionala farmazeutikoek bat egin dute, horrela janarien bidez pozoitzetik negozioa egiten duen enpresa eta medizinak salduaz aberasten ari direnak jabego berdina dute. Esku batekin pozoituz dirua egin eta bestearekin gaixotu dituzten horiekin negozioa biribildu. Horra hor, elikadura-negozioaren paradigma esanguratsua!

ZJNE_1


Bestetik, kontsumismoa erabiltzen dute gizateria sumiso eta dependientea mantentzen saiatzeko. J.Sarrionandiak dion bezala: txikiak ginenean umeak mezatara eramaten gintuzten, orain parafernalia berdinaz egun pasa edo asteburu pasa supermerkatuetara garamatzate.


Bitartean mundu erdia pobrezian bizi da, baina zergatik ote? Janaria falta zaigulako ala transnazionalen negoziorako beharrezkoa delako? Egia ote da aditu askok esaten duten gisara: Janaria egon badagoela mundu guztiarentzat baina banaketan dagoela gakoa?


Zer nolako indarra eta eragina dute janaria negozioa bihurtzen duten multinazionalek, hainbat Nobel saridunak, transgenikoen alde jartzeraino eta Greenpeace bezalako erakunde bat saletzera heltzeko? Zer nolako manipulazio, lobbyen bidezko presio eta joko zikina egiten ari zaizkigu?


Biak ala biak dira experientzia handiko pertsonak. Gaiari buruz ongi informatuak eta hainbat hausnarketa egindakoak izanik, aldi berean, hainbat alorretan praktikan jarri dutenak dira. Badute bai, zer esan eta zer kontatu. Guzti horren inguruan aritu zaizkigu Nicholson eta Dabid Garnatxo, Landare proiektuaren koordinatzailea, Bilboko Kafe Antzokian.



Urriak 25, asteartea, Karmelon, Jakoba Ererekondo: Alternatibak eraikitzea posiblea da?


Azken 40 urte hauetan, Euskal Herriko nekazaritza – EAE, Nafarroa zein Iparraldekoa – izugarri gutxitu da. Batzuek diotenez, azken 40 urte hauetako ibilbidea kontuan izanik, %80a kasu batzuetan eta onenean % 70a. Egiazko datuak dira? Nekazaritzak ez du etorkizunik ala nekazaritza industriala da gure ondamendia ? Nekazaritza gutxitzeko arrazoiak zeintzuk dira: baserritarrak alpertu dira, eredu okerra bultzatu dute instituzioetatik, multinazionalek okertu gaituzte?...

ZJNE_2

Etorkizunari begira zeintzuk dira klabeak? Nola bihurtu nekazaritza errentagarria? Euskal Herrian onartu behar dugu nekazaritzan lan eginaz ezin daitekeela duintasunez bizi?


Krisi larri honetan zein da kontsumitzaileon papera? Multinazionalen menpe eta morroi izan? Eragile aktiboak izan gaitezke? Zein lirateke landu beharreko ildo nagusiak?


Vanadan Shiva ekofemenistaren esaera hau aski esanguratsua da: “inork iraultza egin nahi badu, hiru aukera ditu egunero: gosaltzerakoan, bazkaltzerakoan eta afaltzerakoan”. Ados gaude? Elikadura Burujabetza baliagarria izan daiteke bestelako jendarte berria antolatzen hasteko? Kolektiboan janari erosteko ohiturak aldatzea ekimen eraldagarria bihur daiteke?


Jakoba Errekondok gaiarekiko duen ezagupen integralaren bitartez, pista ugari utzi dizkigu eta baita erronka berriak plzaratu ere: Zenbat aurreratuko genuke Bilbon elikadura burujabetzak urrats kualitatiboak izango balitu? Kontzienteak gara horretaz?



Urriak 26, asteazkena, Deustuako Gazte Lokalean, Jon Legorburu eta Esti Besa: Soberania ekonomikoa, soberania politikoaren oinarri.


Euskal Herrian, soberania hitza aipatzen denean, gehienetan, instituzioak eta alderdi politikoak datozkigu burura; alegia, soberania politikoaz pentsatzen dugu. Baina zer da burujabetza politikoa gure janari gehiena kanpotik ekarri behar badugu edo industria propiorik ez badugu? Hausnarketarako: Soberania ekonomikoa, burujabetza politikoaren oinarria da edo zehatzago galdetuta: soberania politikoaren oinarritariko bat Elikadura Burujabetza da?


ZJNE_3


Multinazionalen morroi izaten jarraitu nahi ez badugu,ezinbestean etorkizuna gure esku hartu beharra dugu. Baina posible al da, elikadurari dagokionez, gure etorkizunaren jabe izatea? Mundu globalizatu honetan jakin badakigu, guztiz autonomoa izatea, erabaki guztiak geuk hartzea ez dela erraza. Zein neurritan eman ditzakegu urrats esanguratsuak bide honetan ? Esparru honetan ere aplikagarria da: ekimen txikiaz helburu handiak lortzea?


Deustuako Gazte Lokalean kontatu dizkiguten esperientziak jaio berriak dira. LABORE Oarsoaldea Arabar-Errioxako ardo agro-ekologikoa, hurrenez hurren; eta oraindik erditzen ari diren proiektuak dira. Baina asko izan dute kontatzeko Jon Legorburu eta Esti Besak.



Urriak 27, osteguna, Ekoetxean, Sonia Ingunza eta Michel Berhokoirigoin: Urratsez-urrats Euskal Herria Elikadura burujabetzaren bidean.


Elikadura Burujabetza, Euskal Herrian, ez da zerbait berria. Aspaldiko urte hauetan urrats interesgarriak eta eredugarriak bultzatu dituzten Iparraldean zein Hegoaldean. Aitortu behar dugu Baxenafarroan edo Xiberoan aurretik doazela; Ipar Euskal Herriko nekazari askoren artean bestelako kontzientzia maila eta bestelako kultura dagoela. Michel Berhokoirigoin EH-ko Laborantza Ganbarako lehendaklari ohia horren aurpegi ezaguna da eta bere esperientzia amaiezinaren lekukotza utzi digu.

ZJNE_41

Baina Hegoaldean ere esfortzu handiak egin dituzte eta egiten ari dira, besteak beste, Bizkaiko EHNE sindikatua eta EHKO produkzio ekologikoaren aldeko mugimenduak. Sonia Ingunzak, bere esperientziaren bidez adibide eredugarriaka mahai-gaineratu dizkigu.


Mahai-inguru honek helburu bikoitza du: Hegoalde zein Iparraldeko egoerari buruzko argazki bat egin eta aurrera begira ildoak markatu.


Beraz, alde batetik egungo jendarte nahasi eta krisian dagoen honetan, jakin nahi izan dugu zein egoeran aurkitzen den hainbat proiektu. Elikaduraren transnazionalek dena kontrolatu eta merkantzia hutsa bihurtu nahi duten une honetan, zeintzuk diren Elikadura Burujabetzaren bidean martxan diren hainbat proiekturen indargune eta gabezi nagusiak. Funtsean, egun Euskal Herrian bizi dugun egoerari buruzko zertzelada batzuk azalarazi dizkigute.

ZJNE_42

Eta bestetik, zer dagoen gure esku, zer nolako pausu berriak eman ditzakegun. Momentu egokia da ildo berriak urratzeko? Posible da aurrerapausu berriak ematea?



Galdera ugari erantzun errezak ez dituztenak. Garai konplexuak bizi ditugu eta elikadura, bizitzaren erdigunea den heinean, erabateko garrantzia berenganatzen du: ekonomikoki, kulturalki, politikoki eta ideologikoki; bai norbanako gisa zein jendarte bezala. Kontzientziak pizteko ate bat zabaldu dugu eta ez gaude berau ixteko prest. Animorik handienak LABORE Bilboko lagunei!



Jardunaldien berri komunikabideetan:


- Paul Nicholsoni ARROSAn egindako elkarrizketa

- Jakoba Errekondori INFO7n egindako elkarrizketa

- BIZKAIKO HITZAn egindako erreportaia

- GARAn berria (argazkia)

- ARGIAn berria (argazkia)

- Erreportaia BERTON aldizkarian



ZJNE_garaZJNE_argia



Bilbon, 2016ko udazkenean