logo

Marxismoaren gaurkotasuna aldarrikatzen ari gara

Pasa den abenduaren 6an aurkeztu genuen Durangoko Azokan "Azterketa Marxista Apunteak" liburuxka. Jendarte likido honetan izotz puska bat jartzearren, errealitatearen azterketak eskatzen duen izeberg lanaren tontorra besterik ez da liburuxka hau, udaberri aldera tailerrekin sakonduko duguna. Hilabetean zehar lantxo honek izan duen arrakasta ikusirik, argi dago marxismoa gaurkotasun osoko gaia dela.

marxDAaurkezp1tx


MARXISMOA GAUR?


marx_portada_txikiaBai, zalantzarik gabe. Marxismoa jendartea ezagutzeko eta eraldaketaren azterketa egiteko funtsezko bitartekoa delakoan gaude.

Marxismoa ez da jakintza hutsa, jendartea eraldatzeko tresna baizik, eta askatasunaren etika darama bere baitan, pertsonen askapen prozesuari lotuta baitago. Izan ere, eraldaketa prozesua askatzailea da, ezinbestez, historia klase borrokaren historia baita. Hortaz, jendartearen gaineko ikerketak berau eraldatzeko xedea du: orainean kokatu, prozesu historikoa kontuan izan eta geroari begira jarri.

Marxismoak zapalkuntza guztiak gaindituko dituen jendartea du helburu. Jendarte aske horrek jabetza pribatuan oinarrituta produkzio moduek sortu alienazioaren bukaera ekarriko du: lan, nazio edota sexu-genero alienazioa, alegia.

Euskal Herrian, marxismoa euskal langile klasearen eratze prozesuarekin eta euskal iraultzaren subjektuaren (Euskal Langile Herria) gaineko teorizazioarekin batera garatuz joan da. Teorizazio horren emaitza xumea da “Azterketa marxista. Apunteak” liburuxka, aletxo bat uzta aberats horretan.


MARXISMOAREN GAINEKO TAILERRAK

Ez dugu teoria praktikarik gabe ulertzen; horregatik, liburuxka “erabiltzeko” materiala da, hau da, errealitatearen azterketa egiteaz gain, berau eraldatzeko konpromisoa dakar. 

Testua ondo uler dezagun, bere logikaz jabe gaitezen, hiru orduko hiru tailer proposatzen ditugu, gaiaz gai, edukia barneratzen joan ahal izateko. Honako hiru tailer hauek:

  • Materialismo dialektikoa. Dialektikaren legeak

  • Materialismo historikoa. Produkzio modua

  • Klase sozialak/klase borroka. Jendarte berria

Ardatz hauek oinarritzat hartuta, lan talde txikietan, teoria errealitateari lotuta lantzeko asmoa dugu, hots, teoria praktikan txertatzeko saioak eginez.


Anima zaitezte! Talde bat osatu eta hitzordua adostuko dugu, tailerrak elkarrekin antola eta gara ditzagun, gurean edo zuenean. Hemendik aurrera, zuek zeuek duzue hitza!